HasieraBerriakAdinekoek askatasunez erabili behar dituzte euren eskubideak, kolektibo horren alde lanean diharduten erakundeen plataforma batek aldarrikatu duenez

Adinekoek askatasunez erabili behar dituzte euren eskubideak, kolektibo horren alde lanean diharduten erakundeen plataforma batek aldarrikatu duenez

28.09.2018
“Adinekoa naiz eta eskubideak ditut, zeuk bezalaxe” kanpaina jarri dute abian Amigos de los Mayores, Pilares fundazioa, Envejecimiento en Red, Helpage International España eta Matia Fundazioa erakundeek, urriaren 1aren harira
Ekimenaren bidez, gizarteari dei egin nahi diote estereotipoak eta konbentzionalismoak alde batera utz ditzan, oztopo baitira 65 urtetik gorakoak hainbat eskubideren jabe izan daitezen: non eta nola bizi aukeratzeko; zaintzak noiz behar dituen norberak erabakitzeko; erabaki kolektiboak hartzen parte hartzeko; biloben zaintzaz arduratzeko, baina denbora librea eta atsedena mugatu gabe; edo aurreiritzirik gabe sexualitateaz gozatzeko
Agiri eta bideo bateratu banatan, adineko pertsonen 10 eskubide aldarrikatu dituzte gutxienez. Zerrenda hori herritarren partaidetzarekin luzatzea da helburua. Horretarako, beste eskubide batzuk aldarrikatzeko bideoak edo argazkiak igo behar dituzte herritarrek sare sozialetara, #AdinekoaNaiz (#SoyMayor) traola erabilita (informazio gehiago: soymayorsoycomotu.com)
 
Norberak aukeratzea non eta nola bizi; norberak erabakitzea zaintzak noiz behar dituen; parte hartzea, ekarpenak egitea eta estimatua sentitzea; bilobak zaintzen laguntzea, egiteko horrek norberaren denbora librea edo atsedena eragotzi gabe; kalera irteten eta lagun berriak egiten jarraitzea; eta, baita sexualitateaz aurreiritzirik gabe gozatzea ere. Eskubide horien eta beste batzuen erabilera mugatuta dute 65 urtetik gorako herritar askok Espainian.
Horregatik, urriaren 1ean Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, kolektibo horren ongizatearen alde lan egiten duten 5  gizarte erakundek bat egin dute aldarrikapen argi eta garbia egiteko: adinekoek aukera izan dezatela euren eskubideak eta askatasunak osotasunean erabiltzeko. Mezu hori bat dator urriaren 1 honetarako Nazio Batuen Erakundeak egin duen adierazpenarekin.
Amigos de los Mayores fundazioa, Pilares fundazioa, Envejecimiento en Red eta Matia Fundazioa erakundeek berritu egin dute iaz hasitako ituna, eta aurten Helpage International España gehitu zaie. Gizarte osoari dei egin diote estereotipoak eta konbentzionalismoak behingoz alde batera utz ditzan, oztopo baitira adineko pertsonentzat euren bizi proiektuarekin aurrera jarraitu eta duintasunez zahartu ahal izateko.
 
BELAUNALDIARTEKO BORROKA
Adineko pertsonen eta haien gaitasunen inguruan gaur egun nagusi den irudia aldarazi eta horri buruz sentsibilizatzeko asmoz, erakundeok “Adinekoa naiz eta eskubideak ditut, zeuk bezalaxe” kanpaina jarri dute abian. Adierazpen bateratuaren bidez, Espainiako adineko biztanleriaren eguneroko egoera kontuan hartzen duen eskubideen dekalogoa aldarrikatu dute.
Goiburuak adierazten duenez, ekimenak herritar guztiak inplikatu nahi ditu; izan ere, gaur egun adineko direnen eskubideen alde eginaz bihar adineko izango direnen eskubideak bermatu ahal izango ditugu.
 
ESKUBIDEEN ZERRENDA LUZATZEA
Kanpainako irudietan, adineko pertsonak grabatu dituzte eskubideetako bakoitza libreki eta osoki erabiltzeko aukera errebindikatzen, “Adinekoa naiz eta eskubidea dut…” esaldia erabiliz.
Baina hori abiapuntua besterik ez da; izan ere, helburua da adin guztietako jendeak parte hartzea kanpainan, adineko pertsonentzako garrantzitsuak diren beste eskubide batzuk aldarrikatuz. Horretarako, bideo labur bat grabatu behar dute eskubide bat aldarrikatzen, edo eskubidea idatzita azaltzen den argazki bat egin, eta, ondoren, sare sozialetara igo, #AdinekoaNaiz (#SoyMayor) traola erabilita.
Kanpainako material guztiak soymayorsoycomotu.com webgunean daude eskuragarri.
 
 “ADINEKOA NAIZ ETA ESKUBIDEAK DITUT, ZEUK BEZALAXE”
 
Amigos de los Mayores fundazioa, Pilares fundazioa, Envejecimiento en Red, Helpage International España eta Matia Fundazioa erakundeok adineko pertsonen ongizatearen alde egiten dugu lan. Bakoitzak bere esparruan dihardu, baina kolektibo horren ikuspegi positiboa eta ahalduntzearen aldekoa partekatzen dugu. Espainian, 5 biztanletik 1 adinekoa da (biztanleriaren % 19,1, INE - Espainiako Estatistika Institutuaren arabera), eta, mende erdi igaro baino lehen, estatuko biztanleriaren herena izango da (2066. urtean biztanleriaren % 34,5, INEren arabera).
Urriaren 1ean Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, erakunde sinatzaileok “adineko pertsonek euren giza eskubide guztiak eta oinarrizko askatasunak erabat eta berdintasunez erabiltzeko aukera izan dezatela sustatzeko konpromisoa” hartu dugu agiri honen bidez. Bat egin dugu Nazio Batuen Erakundeak 2018. urte honetarako proposatu duen goiburuarekin.
Adineko pertsonek Espainian bizi duten egoeraren jakitun, gizarteko eragile guztiei dei egiten diegu estereotipoak eta konbentzionalismoak gainditzeko ahaleginarekin bat egin dezaten; izan ere, aurreiritzi horietako asko konturatu gabe ditugu txertatuta imajinario kolektiboan; egunerokoan ez ditugu ikusten, baina gaur egun eragozpen dira adinekoek euren bizi proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Borroka hori guztion kontua delakoan gaude, ez bakarrik orain 65 urtetik gorako adina dutenena, eta etorkizunean zahartuko direnek ere eskubide guztiak erabiltzeko aukera izan dezaten bermatu nahi dugu.
Horretarako, abiapuntu gisa, dekalogoa eta bideoa egin ditugu, adinekoen eguneroko bizitzan eragina duten 10 eskubide hauek gutxienez aldarrikatzeko. Gizarte osoa gonbidatzen dugu, adineko pertsonen eskubide horiek eta beste batzuk defenda ditzan. 
 
Adinekoa naiz eta eskubidea dut...
…duintasunez zahartzeko.
…neure bizimodua erabakitzeko eta non, nola eta norekin bizi nahi dudan aukeratzeko. 
…nire iritzia eta eskarmentua kontuan har daitezen.
…nire bizi-proiektuarekin aurrera jarraitzeko, aitona/amona lanak eginez, baina nire denbora libreaz gozatuz.
…sormena, talentua eta eskarmentua ekarriz, gizartea hobetzen laguntzen duen herritar aktibo gisa kontuan hartua izateko.
…nahi dudanera arte lan egiteko eta nahi dudanean erretiratzeko.
…zaintzen beharra dudanean, nire lehentasunak eta bizimodua kontuan hartuak izan daitezen. 
…beste pertsona batzuk ezagutzeko, bakarrik ez sentitzeko, eta auzoko, herriko edo hiriko bizitzan protagonista izateko. 
…sexualitateaz aurreiritzirik gabe gozatzeko.
…zientziak eta teknologiak kontuan har nazaten.
 
Ekimenari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu soymayorsoycomotu.com web orrialdean. Bideoa YouTuben ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=XJLvSe_-pZ4"
 
NOR GARA?
Fundación Pilares para la autonomía personal (norberaren autonomiaren aldeko Pilares fundazioa) estatu mailan lan egiten duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Berrikuntzaren, ezagutzaren eta lankidetzaren bidez, pertsonek bizitzan zehar duintasunari euts diezaioten laguntzea du xede, eta, horrela, gizarte hobea sustatzea.
 
Amigos de los mayores fundazioa boluntariotzako eta irabazi asmorik gabeko GKEa da. Boluntarioen laguntasunaren, estimuaren eta adiskidetasunaren bitartez adinekoen nahigabeko bakardadeari eta isolamenduari aurre egitea du xede. Gure laguntasun eta sozializazio programei esker, adinekoen bizi kalitatea eta osasuna hobetzen laguntzen dugu. Era berean, adineko pertsonen ahalduntzearen aldeko sentsibilizazio lana egiten dugu, adinaren inguruan diren estereotipoei aurre egiteko, bakardade egoerak eragiten dituzte eta.
 
Envejecimiento en Red, EnR?| elkarlaneko web plataforma bat da, zahartzea eta adinekoak ardatz dituen zientzia-gizartea topaketarako gunea. Eremu horretan interesa duten eragileen interakziorako gunea da, heterogeneoa eta diziplina anitzekoa. Envejecimiento en Red plataforma CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) erakundearen barruan sortu zen, zahartzearen inguruko ikerkuntzan eta berrikuntzan erreferente izateko, ezagutzari eta egiaztatutako informazio zorrotz eta kalitatezkoari dagokienez. Norbanakoen zahartzea eta biztanleriarena hartzen ditu kontuan eta dokumentu eta multimedia funts garrantzitsua du.
 
Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko eta interes orokorreko fundazio pribatua da, eta 130 urtetik gorako esperientzia du. Erreferentziazkoa da Gipuzkoan adinekoen arretan, eta estatu eta nazioarte mailan zahartzearen ikerkuntzan. 2002an ikerkuntzarako institutua sortu zuen (Matia Institutua), ikerkuntza eta ekintza bateratzea eta ebidentzian eta egunerokoan oinarritutako ezagutza sortzea sustatzen dituena. Pertsonarengan ardaztutako arretaren printzipioak lantzen dituen erakundea da eta xede du pertsonei zahartze prozesuan zehar laguntzea, haien ongizatea hobetzeko eta haien autonomia eta duintasuna sustatuko dituzten ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzeko.
HelpAge International España erakundea HelpAge International nazioarteko elkarteko kide da. 2008an sortu zen helburu bikoitzarekin: garatzeko bidean dauden herrialdeetako adinekoen beharren inguruan Espainiako biztanleria kontzientziatzea eta HelpAge International erakundeak mundu osoan abian dituen 500 proiektutik gora finantzatzen laguntzea. Gure bazkideen laguntzari eta hirugarren sektoreko erakunde pribatuen lankidetzari esker, askotariko proiektuak laguntzen ditugu munduko herrialde behartsuenetako batzuetan.
HelpAge erakundeak lagundu egiten die adineko pertsonei, euren eskubideak eskatzen, bazterkeriari aurre egiten, pobrezia gainditzen eta, horrela, bizimodu duina, segurua, aktiboa eta osasuntsua izaten.