HasieraBerriakEspainian zahartzea: ikerketa pilotuko datu basearen aurkezpena

Espainian zahartzea: ikerketa pilotuko datu basearen aurkezpena

01.01.2013

Matia Institutu Gerontologikoak eta CSICko Zahartzeari buruzko Ikerketa Taldeak jardunaldia antolatu dute, «Espainian Zahartzea» Luzetarako Ikerketaren (ELES) pilotua aurkezteko. Ekitaldia ekainaren 27an egingo da, CSICko Giza eta Gizarte Zientzien Zentroan (Albasanz, 26-28, Madril).

«Espainian Zahartzea» Luzetarako Ikerketa (ELES) diziplinarteko proiektu bat da, eta helburu hau du: Espainian 1960. urtea baino lehen jaiotako biztanle taldeen jarraipena egitea, 20 urtean. Hain zuzen ere, zahartze prozesua aztertu nahi du, eta, horretarako, Espainiako biztanleriaren lagin esanguratsu bati buruzko informazioa jasotzen du, aldian behin, xede hauekin:

  • 50 urteko eta gehiagoko pertsonen eboluzio prozesuak aztertzea, diziplina anitzeko hurbilketa batetik.
  • Osasunaren, biografia familiarraren, laneko biografiaren, alderdi emozionalen eta eguneroko bizitzako beste adierazle batzuen arteko erlazioen froga enpirikoak lortzea.
  • Bizitzan zeharreko denboraldi kritikoak identifikatzea eta, horri esker, prebentzio neurrien egutegiak diseinatzea.
  • Joerak aztertzea eta zahartze prozesuan eragiten duten faktoreen garrantzi erlatiboa neurtzea.
  • Zahartzaroari eta zahartzeari buruzko ezagutza biomediko, ekonomiko, soziologiko, psikologiko, demografiko eta epidemiologiko espezializatua izateko erabilera publikoko tresna bat lortzea.
  • Ebidentzia zientifikoan oinarritutako emaitzak lortzea, haien bidez administrazioek epe ertain eta luzeko osasun eta gizarte politikak planifika ditzaten.

Luzetarako ikerketaren metodologia probatzeko, ikerketa pilotua egin da, eta haren emaitzak aztertuko dira jardunaldi horretan. Instituzionalizatu gabeko 50 urteko eta gehiagoko 1.747 espainiarren lagin adierazgarri bat bildu da. Zenbait galdera sorta eman zaizkie, askotariko informazioa jasotzeko: demografikoa, osasunari buruzkoa (besteak beste, neurri fisikoak eta odol erauzketa), psikosoziala, kognitiboa, gizarte harremanei buruzkoa, lan bizitzari eta baliabide ekonomikoei buruzkoa, bizitegi inguruneari buruzkoa eta bizi kalitateari buruzkoa. Landa lana 2010eko abendutik 2011ko irailera bitartean egin zen.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileen ustez, garrantzitsua da ikerketa pilotu horretako datu basea komunitate zientifikoaren esku jartzea, Espainian adinekoei buruz sortutako ezagutza handitzea ahalbidetuko baitu. Gainera, zahartzeari buruzko luzetarako ikerketak egin nahi dituzten ikerketa taldeen artean lankidetza dinamikak sortzea espero dute.

Jardunaldian zehar, xehetasun osoz azalduko da Interneten datu basean nola sartu eta hura nola erabili. Besteak beste, ikertzaile hauek egongo dira jardunaldian: Javier Yanguas Lezaun, Pura Díaz Veiga eta Ángel Rodríguez Laso, Matia Institutukoak; eta Vicente Rodríguez Rodríguez, Fermina Rojo Pérez eta Gloria Fernández-Mayorales Fernández, CSICkoak.

Informazio gehiagorako eta izena emateko: kontsultatu fitxategi erantsia.

Dokumentu erantsia:  MatiaJornadaProyectoELES.pdf