HasieraBlogaDementzia duten eta zentro gerontologikoetan bizi diren pertsonek gaueko atsedenaldi egokia izateko gakoak

Dementzia duten eta zentro gerontologikoetan bizi diren pertsonek gaueko atsedenaldi egokia izateko gakoak

Loaren nahasmenduak eta dementzia

Pertsonok bizitzaren herena ematen dugu lotan, loak fisikoki eta kognitiboki suspertzen baikaitu. Urteak joan ahala, ordea, lotan ematen dugun denbora murrizten joaten da: gaueko itzarraldiak ugaritu egiten dira, loa arinagoa izaten da, sedentarismoa handiagotu egiten da eta siestan atsedena hartzeko joerak ere gora egiten du.

Dementzia duten pertsonetan loaren nahasmendua lehenago agertzen da, sindromeak eragindako aldaketa patologikoen ondorioz eta batez ere patologia konkomitanteen, medikamentuen eta ingurune aldaketen ondorioz.

Adinekoak askotan izaten dituenez mina, arranpak, inurridurak, nekea, estula, errefluxuak, nokturia eta beste, eta askotan hartu behar izaten dituenez medikamentuak (bronkodilatadoreak, diuretikoak, kortikoideak, hipotentsoreak, psikofarmakoak…), hein handi batean baldintzatuta edukitzen dute loaldi suspertzailea izateko gaitasuna. Helduen % 42k ere izaten du insomnioa, eta % 70ek loaldiko buxatze apnea (% 38k larria). Sintoma horiek ohikoak izaten dira, gainera, gaixotasun neurologikoak (dementzia, parkinsona, GHIa…) edo psikiatrikoak dituzten pertsonen artean. Ondorio garrantzitsuak izaten ditu, bizi kalitatea murriztu egiten delako, desgaitasuna eta erortzeko arriskua handitu egiten direlako, heriotza tasa handitu egiten delako… Instituzionalizazio kausa esanguratsua ere bada, egoera horrek zaintzaileari dakarkion gainkarga dela eta.

Zeri egin arreta eta zer neurri hartu

Garrantzitsua da pertsona bakoitzaren lo ohiturak ezagutzea (zer ordutan oheratu eta jaikitzen den, zenbat denbora igarotzen den esnatu arte, zenbat denbora ematen duen itzarririk…), zenbateko jarduera fisikoa egiten duen egunean, zenbat denbora ematen duen eguzkitan, zer gizarte harreman dituen eta zer parte-hartze duen jardueretan.

Zentro gerontologikoetan funtsezkoa da loaren nahasmendua egoki zehaztea (lokartzeko edo lotan irauteko arazoak, portaeraren aldaketak, mugimendu anormalak, arnas alterazioak, erritmo zirkadiano aurreratua edo irregularra). Atsedena eragotzi eta halako nahasmenduak eragiten dituzten alderdi guztiei egin behar zaie arreta: zaratei, tenperaturari, loak eta zaintzak eragindako aldaketei (konstanteak hartzea, aldaketa etengabeak, medikamentuak hartzea, diabetikoen bigarren afaria, postura aldaketak…); arreta egin behar zaie, halaber, alterazio horien ondorioei eta zer pertsonari (egoiliarrari edo zaintzaileari) eragiten dioten. Horrela jokatuz, loaren nahasmenduaren eta zentroak pertsonaren beharrizanetara egokitzeko malgutasunaren edo ahalmenaren arteko hasierako hurbilpena egin ahal izango dugu.

Hartu ditzakegun neurrien artean daude oinarrizko neurri higienikoetan eta estimuluak kontrolatzeko neurrietan oinarritutako esku-hartze plana diseinatzea; portaera entrenatzeko saioak egitea; eta, azkenik, esku-hartze farmakologiko egituratua bultzatzea, helburuak eta iraupena aldez aurretik zehaztuta (saio klinikoek 6-8 aste irauten dute, ez dira mugagabeak izaten). Eta, betiere, esku-hartzeen arriskuak eta onurak kontuan hartuta.

Gauean egunez baino askoz ere zaintzaile gutxiago izaten dira eta, beraz, zahartzearen eta komorbilitateen ondoriozko lo aldakuntzek esku-hartze farmakologiko handiegia eskatzen dute, horrek dakartzan kontrako ondorio guztiekin (erorikoak, nahasmenaren sindromea, zorabioak…).

Badira faktore askotariko esku-hartzeen esperientzia arrakastatsuak dementzia duten egoiliarrekin. Horietako batzuen zerrenda egingo dugu ondoren.

Egoitzetan bizi diren pertsonen atsedenaldi egokia sustatzeko jardunbide egokien dekalogoa.

  1. Jarduera fisikoa, soziala eta okupazionala sustatu behar da. Eguneko siestak eta lo kuluxkak mugatu behar dira eta ohean gelditzea saihestu.
  2. Argitasuna eta ingurumen baldintzak zaindu behar dira, batez ere unitate itxietan edota gizarte sare txikia duten pertsonekin. Beharrezkoa da horiek kanpora irtetea.
  3. Elikadura arina, estimulatzailerik gabea. Arreta egin behar da elikadura egokia izateko: ez gutxi eta ez asko. Askariaren ondoren likidoen kontsumoa murriztu behar da. Ez da substantzia estimulatzailerik (kafea, tabakoa, alkohola eta loa kaltetzen duten medikamentuak) hartu behar.
  4. Gelakideen arteko elkarbizitzari lotutako alderdiak ezagutu behar dira.
  5. Osagarrien zaintza eta higienea. Beharrezkoa da ahoa ondo zaintzea: hortz protesiak kendu eta egoki garbitu behar dira. Betaurrekoak, audifonoak eta ortesiak ondo gorde eta egoki mantendu behar dira.
  6. Ez da jarduerarik egin behar logelan: ez da telebistarik ikusi behar, ez da maskotekin egon behar… Oheak lotarako lekua izan behar du.
  7. Ahal dela, ez da loa eten behar medikamentuak emateko edo osasun zaintzak egiteko (konstanteak hartzeko, pixoihalak edo posturak aldatzeko, bigarren afariak emateko), ezinbestekoa ez bada, behintzat.
  8. Bainugelako argia piztuta utzi behar da. Ez da arroparik utzi behar pazientearen eskura, desorientazio kasuetan janzteko joera saihesteko.
  9. Estali gabeko beharrak baloratu behar dira. Erosotasunari lotutako alderdiei erreparatu behar zaie: minari, goseari edo egarriari, esfinterrei, tenperaturari, zaratari, erosotasunari, argitasunari… bai eta alderdi emozionalei ere: antsietateari, depresioari, portaera eta gizarte nahasmenduei.
  10. Aldian behin patologia kronikoetarako medikamentuak ebaluatu egin behar dira; farmako hipnotikoak erabil daitezke insomnio motaren arabera, baina helburu jakinak zehaztuz eta ondorioak eta tolerantzia maila monitorizatuz.
(*) Teri L, McKenzie G, Logsdon RG, et al. Translation of two evidence-based programs for training families to improve care of persons with dementia. Gerontologist. 2012;52(4):452–459.

Egilea

Matia Fundazioako medikua