HasieraEntzun bai, baina ez dut ulertzen. Zentzumenezko isolamendua zahartzaroan

Entzun bai, baina ez dut ulertzen. Zentzumenezko isolamendua zahartzaroan

Joan den martxoaren 3an Entzumenaren Nazioarteko Eguna izan zen. Data horretan, urtero, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) entzumenaren zaintza sustatzearekin lotutako gaiak gogoratu eta berrikusten ditu. 

Matiatik gure ekarpena egin nahi izan dugu, eta adineko pertsona askori zentzumenezko isolamendua eta bizi kalitatearen galera sorrarazten dien gaia aztertu dugu.

Presbiakusia: zahartzaroan ohikoa den eta hauskortasunetik hurbil dagoen patologia

Presbiakusia edo adinak eragindako entzumen galera hirugarren patologiarik ohikoena da adineko pertsonen artean, hipertentsio arterialaren eta artrosiaren atzetik. Zifrei erreparatuta, 75 urtetik gorako bi lagunetik batek pairatzen du eta 90 urtetik gorako ia % 100ak. Beraz, gaur egungo aurreikuspen demografikoak kontuan hartuta, 2025. urterako 500 milioi lagun baino gehiagok izango dute pixkanakako entzumen galera hori.

50 urteko biztanleen artean entzumen galeraren inguruko baheketa egiteak izan ditzakeen onuren ebidentziarik ez da aurkitu, baina 65 urtetik gorako pertsonen artean, hauskortasun irizpideak erabilita, segimendu hori egitea onuragarria eta garrantzitsua izan liteke balizko mendekotasun egoerei aurrea hartzeko.

Eta kontuz, ez baita osasun arazo hutsala. Entzumenaren galera lotuta dago, besteak beste, depresioarekin, gizarte isolamenduarekin, bizi kalitate eskasagoarekin eta autoestimu faltarekin. Beraz, arazoari aurre egiten ez bazaio, mendekotasun funtzionalean eta narriadura kognitiboan amai dezake*. Ildo horretan, oso garrantzitsua da osasun eremuetan egoerari arreta berezia eskaintzea, eta medikuaren eta pazientearen arteko bi noranzkoko komunikazio egokia bermatzea.

Nondik norakoa

Barneko belarriko asaldurek sortzen dute presbiakusia, koklea edo barakuiluan (entzumen organo hartzailean) gertatzen direnek, hain zuzen. Aferentzia sentsitiboak izan litezke, adibidez, eta denborak aurrera egin ahala, tonu maiztasun altuei eragiten dien entzumen galera progresiboa eta simetrikoa dakarte. Bereziki kontsonanteak entzuteko gaitasuna galtzen denez, patologia hau duten pertsonek esaten zaiena entzuten dute, baina ez dute ongi ulertzen, batez ere ingurune zaratatsuetan (soinuaren prozesamenduaren asalduragatik), eta batik bat igorlea emakumezkoa baldin bada. Horrek guztiak berebiziko eragina du senitartekoekiko, lagunekiko eta abarrekiko komunikazioan, baita harreman klinikoan ere, hartu emana zaildu eta geldiagotu egiten baitu.

Nola detektatu

Familia izaten da presbiakusia detektatzen duena, patologia pairatzen duen pertsona bera baino lehenago konturatu ohi da. Isolamendua eragiten du, eta estigmatizazio progresiboa.

Zarata gogorren aurrean hipersentsibilitatea sortzen denez, soinuak giro lasaian entzuteko atalasea handitu egiten da, eta zarata gogorrekiko tolerantzia gutxitu.

Batzuetan zaratak ere entzuten dira, txistu hots jarraituak, edo pertsona zorabiatu egiten da orekaren organoaren asalduragatik (presbiastasiagatik). Horrenbestez, bertigoek eta desorekak areagotu egiten dute erorikoak izateko arriskua, eta horien ondorioak larriak izan daitezke.

Hasierako balorazioa egitean entzumen azterketa edo otoskopia egin behar da, belarriko argizaria, erdiko belarriko infekzioa edo bestelako lesioren bat baztertzeko. Izan ere, argizariaren eraginez 20 dB inguru gutxitu daiteke entzumena. Proba nagusia tonu audiometria da. Horren bidez pertzepziozko hipoakusia antzeman eta neurtzen da. Xuxurlatuz hitz egitearen testa ordezko aukera erraza da balorazio nahiko egokia egiteko.

Tratamendua

Tratamenduari dagokionez, audifonoak laguntza garrantzitsua dira. Mikrofonoen gisara, soinua anplifikatzen dute eta komunikazioa erraztu. Nolanahi ere, alderdi estetikoek eta pertsonaren egokitzeko gaitasunak pisu handia dute. Oso gutxi dira horrelako gailuen onuradun ez direnak, baina hala ere, pobrezia tasa handiko biztanleriaren kasuan alderdi ekonomikoa kontuan hartzekoa da. Horregatik, funtsezkoa da sistema soziosanitarioak sentsibilizatzea, zentzumenenezko irisgarritasun unibertsalaren bermatzaile izan daitezen.

Audifonoen erabilerak onurak ez dakartzan kasu jakinetan, kokleako inplanteak, barneko belarrian elektrodoak jarrita, aukera ematen du entzumenezko informazioa prozesatzeko.

Entzumen errehabilitazioa lagungarria da komunikatzeko gaitasunak lantzeko, eta garrantzitsua da laguntzaileari teknika horien inguruko informazioa ematea. Poliki hitz eginez, pertsonari begira, giro zaratatsuak saihestuz eta mezua ulertzen dela egiaztatuz, zentzumenezko isolamendura egokitu gaitezke.

Hori guztia kontuan hartuta, ezin dugu esan entzumenaren galera simetriko eta aldebikoa adin kontua bakarrik denik. Aurrea har dakiokeen patologia izanik, esku hartu dezagun eta zaindu gure entzumen osasuna, espezialistarengana joz balorazioa egin dezan eta, behar izanez gero, neurriak garaiz hartuz. Izan ere, Egiptoko atsotitz batek dioenez: “Aditzea ederra da entzuten ari denarentzat”.

(*) Lin FR. Hearing loss and cognition among older adults in the United States. J Gerontol A Biol Sci Med Sci. 2011; 66:1131.

Egilea

Matia Fundazioako medikua