HasieraBlogaFarmakoterapia eta kronikotasuna: medikazioarekiko atxikidura egokirako faktoreak eta pautak

Farmakoterapia eta kronikotasuna: medikazioarekiko atxikidura egokirako faktoreak eta pautak

European Society for Patient Adherence, Compliance and Persistence (ESPACOMP) erakundearen arabera, pazienteak medikazioa agindu dioten moduan hartzeari esaten zaio “medikazioarekiko atxikidura”.

Tratamendu kronikoekiko atxikidurarik eza arazo unibertsal eta benetakoa bilakatu da. Tratamenduaren eraginkortasunarekin lotuta dagoenez, osasun publikoko arazo garrantzitsua da. Zifrei erreparatuta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) jakinarazi du patologia kronikoa duten bi pazientetik batek ez duela tratamenduarekiko atxikidurarik; antzeko datua (% 48,3) erakutsi zuen 2014an Espainian egindako azterketa batek, polimedikatutako 65 urtetik gorako pertsonak kontuan hartuta.  

Medikazioa modu egokian ez hartzeak ondorioak ekar ditzake, adibidez, bizi kalitatearen eta bizi itxaropenaren beherakada, tratamendua eraginkorra ez izatea eta gaixotasuna okerrago kontrolatzea. Ildo beretik, konplikazioak handitu egiten dira eta agerikoa izaten da okerragotze klinikoa, ugaritu egiten dira kontsulta medikoak, ospitaleratzeak eta proba osagarriak, eta horrek guztiak eragin negatiboa du osasun gastuan.

Oro har, atxikidura ia erabatekoa izaten da tratamenduen hasieran eta iraupen laburreko tratamenduetan. Baina atxikidura gutxitu egiten da tratamendu luzeen kasuan, polimedikatutako pazienteen artean eta tratamenduaren kontrola zaila den kolektiboetan. Atxikidura eza nahita egindakoa izan daiteke, pazienteak argi duenean ez duela medikazioa hartu nahi; edo nahigabekoa, pazienteak oroimena edo autonomia galdu badu, tratamendua konplexua bada, eguneroko errutinak eta ohiturak sortu ez badira, patologia larria bada eta abar.

Prozesua konplexua eta faktore anitzekoa da, eta batez ere pazientearekin, tratamenduarekin eta osasun ingurunearekin lotura duten faktoreek baldintzatzen dute.

Pazientearekin lotutako faktoreen artean azpimarragarria da genero-arrakala. Emakumeek medikazioarekiko atxikidura handiagoa dute. Pazientearekin zerikusia duten eta kontuan hartzekoak diren beste alderdi batzuk: buruko-arazoak izatea, prestakuntza/hezkuntza maila (zenbat eta apalagoa izan, orduan era txikiagoa izango da atxikidura maila), gaixotasuna ez ezagutzea eta/edo tratamenduaren onuretan konfiantzarik ez izatea, eguneroko jarduerak egiteko independentzia galdu izana, komorbilitateak, alkoholismoa eta abar.

Tratamenduarekin lotutako faktoreen artean, berriz, aipagarriak dira, besteak beste, tratamenduaren konplexutasuna, politerapia, egunero askotariko dosiak hartu beharra, forma farmazeutiko ez egokia erabiltzea (pilulak zatitzeko zailtasuna, irensteko zailtasunen kasuan egokitzapen falta eta abar), kostua, ondorio txarrak azaltzea eta abar.

Azkenik, osasun inguruneari dagokionez, nabarmentzeko moduko faktoreen artean dago medikuaren eta paziente eta/edo zaintzailearen arteko harremana, eta baita osasun sistemarekin lotutako beste alderdi batzuk ere (kontsulta medikoen iraupena, medikazioa agintzen duten mediku asko egotea, jarraipen desegokia eta abar). Komunikazioaren eta jasotako osasun arretaren kalitateak, eta osasun langilearen enpatiak edo motibatzeko gaitasunak, eragina dute pazientearen portaeran.

Gaur egun badaude tratamenduekiko atxikidura neurtzeko zenbait hurbilketa metodologiko (Morisky-Green / ARMS-e galdetegiak, medikazioaren zenbaketa, gailu elektronikoak edota farmaziako erregistroak), baina patologia anitzeko koadro kronikoa duten adineko pertsonen kasuan, jarraipen prozesua zailagoa izaten da. Horrelakoetan, metodo bat baino gehiago erabili behar da ebaluazioa egiteko. Nolanahi ere, honako hauek dira tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko pautak:

  • Ebaluazio geriatriko osoa egitea.
  • Ahalduntzea: pazienteak bere tratamenduan parte har dezan bultzatzea.
  • Farmakoterapia optimizatzea eta sinplifikatzea; egokitzapen terapeutikoa, pazientearekin eta/edo zaintzailearekin batera erabakiak hartu beharra kontuan hartuta.
  • Medikazioa hartzea gogorarazteko gailuak erabiltzea.
  • Osasun langileen komunikazio gaitasunak eta ezagutzak indartzea.
  • Atxikidura aldizka ebaluatzea.
  • Osasun zerbitzuak bateratzea, lehen mailako arretaren eta ospitalekoaren arteko komunikazioa areagotuta.

Azken finean, beharrezkoa da proposatutako estrategiak diziplina anitzekoak izatea, horien luzetarako jarraipen indibidualizatua egitea, hezitzaileak izan daitezela, eta konplexutasun farmakoterapeutikoa gutxitzea bultzatu dezatela; era berean, funtsezkoa den alderdia zaindu behar da uneoro: pazientearen/zaintzailearen eta osasun langileen arteko komunikazioa.

Gomendatutako irakurgaiak:
» SEFH (2017), Lo que debes saber sobre la adherencia al tratamiento. Sociedad Española de Farmacia Hospitalaria.
» SEFAC (2016), Plan de adherencia al tratamiento. Uso responsable del medicamento. Sociedad Española de Farmacia Familiar y Comunitaria.

Egilea

Farmazialari espezialista Matia Fundazioaren Bermingham ospitalean